ZIENTZIA ETA TEKNOLOGIA AZOKA
DBH

Pasa den ekainaren 11n Azpeitiko Plaza Nagusian azoka berezi bat burutu zen. Horrelakotan ohikoak diren barazkien ordez zientziaz eta teknologiaz betetako postuak izan genituen bertan. Iraurgi Berritzen agentziak antolaturik, Azkoitiko eta Azpeitiko ikastetxe ezberdinetako ikasleek alor hauetan egindako proiektuak azaldu zituzten.
Oso proiektu ezberdinak ikusi ahal izan ziren: baratzarekin lotutakoa, itsaslabarrekin lotutakoa, erreakzio kimiko bereziak… Azpimarratu Izarraizpek 3 stanekin proiektu gehien eraman zituen ikastetxea izan zela. Alde batetik Batxilerreko ikasleek prestaturiko teknologia proiektuak pneumatikarekin eta errobotikarekin lotuak. Eta bestetik DBH-4ko ikasleek Laborategiko Jardueretan prestaturiko ADP kristalak.
Bi herrietako Udalen ordezkariak izan genituen bertan. Dena prestatu ostean eta, betiko, azken orduko “arazotxoak” konpontzen jardun ondoren ekitaldiari hasiera eman zitzaion. Udaletako ordezkariek hitz egin zuten eta aipatu daiteke taldeen lanak aurkezterako orduan Leioan DBH4ko ikasleek lortutako saria azpimarratu zutela.
Behin irekita jendea gerturatzen hasi zen. Harridura eta jakin-mina zen nagusi oro har. Ikasleak hor ibili ziren jendeari arreta egokiena egiten. Aukera polita da askotan gizartetik nahiko urrun ikusten den zientzia gerturatzeko edota gure bizitzan gero eta ohikoagoa den errobotika zertan oinarritzen den ulertzeko.
Amaiera moduan bertan parte hartutako taldeei oroigarriak banatu zizkiguten eta baita taldeko argazki bat atera ere.
